Eduki publikatzailea
Atzealdea TREBAGazteak ZEGAMAN
2026·10·19

TREBA Gazteak Zegaman estreinatuko da scape room-a, prestakuntza eta podcasta uztartzen dituen proposamen berri batekin
Zegamako gazteek eragiten dieten gaien inguruan esperimentatu, ikasi eta hausnartzeko aukera izango dute, herriko Gaztelekuan, aisialdi alternatiboan oinarritutako proposamen esperientzial eta partaidetzazko batekin.
Izotzaldia urtzeko scape room bat, proposatutako hiru gaietako batean sakontzeko tailer bat eta hitza hartzeko podcast bat. Horrela estreinatuko da Zegaman TREBA Gazteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gipuzkoako hainbat udalekin batera bultzatzen duen programa. Aurten, aisialdi alternatiboan oinarritutako proposamen esperientzial eta partaidetzazko batekin berritu da.
17 urtetik gorakoei zuzendutako programazioa Zegamako gaztelekura iritsiko da, eta, ikuspegi komunitario batetik gazteentzat garrantzitsuak diren hiru gai jorratuko dira: teknologia digital berriek eta algoritmoek gazteen bizitzan duten eragina, feminismo intersekzionala eta ongizate emozionala.
Scape room-a urriaren 23 eta 24ean
Programarekin hasteko, scape room bat ipiniko da Zegamako Gaztelekuan. Erronka eta proba ezberdinen bitartez, Zegamako gazteak modu dinamikoan hurbilduko dira programak jorratzen dituen hiru gaietara. Hainbat txanda egingo dira urriaren 23an, 17:00etatik 21:00etara, eta urriaren 24an, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Parte hartzeko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da, taldeak osatuko baitira.
Izan ON, sentitu eta konektatu: ongizate emozionaleko tailerra
Programa bi aste geroago, azaroaren 6an, ostirala, Zegamako Gaztelekuan egingo den "Izan ON, sentitu eta konektatu" ongizate emozionalari buruzko tailerrarekin jarraituko du. Ainhoa Urretagoienak zuzenduko du saioa metodologia praktiko eta parte-hartzaileen bidez. Helburua da gazteek beren ongizate emozionala zaintzeko tresna eta ezagutzak eskuratzea, beren egunerokotasunean praktikan jartzeko.
Gazteen ahotsa, protagonista
Hala ere, esperientzia ez da tailerrarekin amaituko. Programazioa larunbatean, azaroaren 7an, amaituko da TREBA Gazteak atal baten grabazioarekin, gazteek eurek egina. Janire Atxurra eduki-sortzailearen gidaritzapean, podcast formatuaren gakoetan trebatuko dira, eta protagonismoa izango dute programaren sorkuntzan, parte-hartzean eta grabaketan. Horrela, podcasta gazteek lehen pertsonan adierazteko eta eguneroko errealitatearen parte diren gaiei buruzko ikuspegia emateko espazio bat izango da.
Gazteengandik hurbil dauden formatu berriak
Proposamen berri honekin, TREBA Gazteak berritu egin da, belaunaldi berrien parte-hartze eta komunikazio moduetara hurbiltzeko, formatu dinamikoago, sortzaileago eta partizipatiboagoen alde eginez.
Horrela, programak Gipuzkoako gazteentzat ikaskuntza, topaketa eta hausnarketarako espazioak sortzeko apustuari eusten dio, eta lengoaia berriak txertatzen ditu, gazteek eurek, ikasteaz gain, edukiak partekatu eta sortu ditzaten eta beren esperientziei eta ikuspuntuei ahotsa eman diezaieten.
Izen-emateak
Zegaman egingo diren jarduera guztiak doakoak dira eta aldez aurretik Izena ematea ezinbestekoa da parte hartu ahal izateko. Parte hartu nahi duten gazteek gip.eus/TREBAzegama helbidean topatuko dute ekintza desberdinetara izena emateko formularioa.
Programari buruzko informazio gehiago gip.eus/TREBAgazteak helbidean kontsulta daiteke.

